2023an giza eskubideen arloan izandako atzerakadak ez dira oharkabean pasatu munduan. Amnesty Internationaleko idazkari nagusiak, Agnès Callamardek, hausnarketa bat egin du gaur egungo giza eskubideen egoerari buruz, eta ideia argi bat jarri du abiapuntutzat: ba al da nahi ez dugun etorkizuna? Erreportaje honetan, bere ideia nagusiak, gatazka belikoei eta ChatGPT-4ri eta adimen-tresna artifizialei buruz duen ikuspuntua jasotzen dira. Noraino iristeko prest egongo gara?
2023an, V-Dem zientzia politikoko ikerketa-zentroak ondorioztatu zuen demokrazietan bizi diren pertsonen kopuruak atzera egin zuela 1985eko mailetara, hau da, Berlingo Harresia erori, Nelson Mandela kartzelatik atera eta Gerra Hotzaren amaiera baino lehenagoko mailetara.
Iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera, politika autoritarioek adierazpen- eta elkartze-askatasuna higatzen dute, genero-berdintasunari erasotzen diote eta sexu- eta ugalketa-eskubideak kaltetzen dituzte. Horixe da Agnès Callamardek,
Amnesty Internationaleko idazkari nagusiak, gaur egun giza eskubideen egoerari buruz egiten dituen hausnarketen abiapuntua. Adierazi duenez, emakumeen eskubideen eta genero-berdintasunaren aurkako erreakzioa areagotu egin zen 2023an, eta arriskuan jarri zituen aurreko 20 urteetako aurrerapen asko.
Afganistanen, emakume edo neska izatea de facto zigortuta dago. 2023an, talibanek dozenaka
dekretu ofizial aldarrikatu zituzten emakumeak bizitza publikotik desagerrarazteko. Antzeko zerbait gertatu zen Iranen, agintariek “Emakumea, Bizitza, Askatasuna” protesten errepresio bortitzarekin jarraitu baitzuten, eta gorrotoz betetako komunikatu ofizialak igorri zituzten, belorik ez zeramaten emakumeak “birusa”, “gaixotasun soziala” eta “asaldura” zirela esateko. Estatu Batuetan, 15 estatuk ezarri zuten abortuaren erabateko debekua —edo sal- buespen oso mugatuekin—, eta horrek neurriz kanpoko eragina izan zuen pertsona beltza- ranengan eta arrazializatutako beste talde batzuengan. Polonian, gutxienez emakume bat hil zen legeak behar zituen abortu-zerbitzuak ukatu zizkionean. Ugandak homo- sexualen aurkako lege gogor bat onartu zuen, eta, Estatu Batuetan, agintari sozial eta politikoek trans pertsonen aurkako diskurtsoak, politikak eta araudiak sustatu zituzten.
1948.urtera itzuliko gara?
2023an, denboraren makina metaforikoak 1985a baino askoz ere lehenagora eraman gintuen. Urriaren 7an Hamasek egindako krimen lazgarrien ondoren, non 1.000 pertsona baino gehiago hil ziren, milaka gehiago zauritu ziren eta 245 inguru bahitu edo gatibu hartuak izan ziren, Israelek mendeku kanpaina bat hasi zuen, eta zigor kolektibo bihurtu zen. Biztanleria zibilaren eta izaera zibileko azpiegituren aurka nahita eta bereizi gabe bonbardaketak egiteko kanpaina, laguntza humanitarioa ukatzekoa eta gosete programatuarena. 2023a amaitzean, 21.600 palestinar, gehienak zibilak, hil ziren Gazako bonbardaketa gupidagabean, eta beste milaka desagertu ziren eta hondakinen azpian zeudela uste zen. Mundu osoko milioika pertsona- rentzat, Gaza Bigarren Mundu Gerraren ondorengo sistemaren egile askoren erabateko porrot moralaren sinboloa da orain. NBEren Gutunean, Genevako Hitzarmenetan, Genozidioari buruzko Konbentzioan eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidean finkatutako printzipioei muzin egin zaie. Baina ez da Israel bakarrik. Estatu Batuek ere eginkizun nabarmena izan dute, Europa eta EBko agintariak gidatzen dituzten figura batzuen moduan. Bere jokabidea Amnesty Internationalek hainbeste urte salaketan daramatzan arrasto bikoitzaren adibide da.