“Lehen aukera asko izan ditut arlo oso ezberdinetan; zorte handia izan dut”

Ainhoa Etxebarria (Ondarroa, 1993) aktorea eta kazetaria, antzerkian, telebistan eta irratian lan egin du. Besteak beste, Dan- tzanGo!, El Conquis eta Egunak egin du! telebista-saioengatik da ezaguna eta Gazteako Gu irratsaioan lan egiten du..

Gaur egun telebistan zabiltza lanean, Sukaldarien liga saioaren aurkezle. Nolakoa da horrelako saio batean lan egitea? Lehiakideak prestatutako platerrak jateko aukera duzu?

Aurretik sekula ez dut gastronomia saio bat gidatzeko aukera izan, eskaintza egin zidatenean gogoz hartu nuen lana, benetan ilusioa egin zidan. Esperientzia brutala izan da, asko ikasi dut eta hori da nire lanetik gehien maite dudana, ikasten jarraitzeko aukera hori izatea eta arlo ezberdinetan gainera!

(Ez esan inori baina bai, izkutuan)

Ez da telebistan lan egiten duzun lehen aldia; beste hainbat saiotan ere egon zara aurkezle. Zu zer-nolako telebista saiora aurkeztuko zinateke? Zergatik?

Aurkeztu nola? Lehiakide bezala? (hahahaha!) Tupper club-en parte hartzeko aukera izan nuen, eta benetan, neure bizitzako lehiaketa izan zen, super ondo pasatu nuen, eta zirikatzaile lanetan ibiltzeko aukera ere izan nuen.

Zer da gogorragoa, telebistako lehiaketa batean parte hartzea edo aurkezle aritzea?

Erlatiboa da. Lehiaketa mota aztertu beharko litzateke, norberak ze egun daukan be…

Gaur egun, telebistan ez ezik, antzerkian ere bazabiltza, Baginaren bakarrizketak antzezlanarekin. Antzezlanari buruz hitz egin dezakezu apur bat?

Marabilli de! Marabilla hutse.

Elkarrengandik oso ezberdinak diren 200 baginadun pertsonei egindako elkarrizketen emaitza da Baginaren Bakarrizketak. Pertsona horiek euren sexualitatearekiko dituzten sentipen, erru, harrotasun eta lotsak tartekatzen dira. Intza Alkain, Iraitz Lizarraga eta hirurok antzezten dugu euskarazko bertsioa, hasieran Itziar Urretabiztaiak estreinatu zuen obra Intza ta nirekin batera.

2011an Aitziber Garmendia eta Ainhoa Garaik taularatu zuten antzezlana erreskatatu eta berriro ere Euskal Herriko Antzokietara ekarri dugu, 2023ko abuztuan estreinatu genuen Donostiko Antzoki Zaharrean.

Antzezlana Eve Ensler idazle feminista estatubatuarrak sortu zuen 1996an, pentsa, antzezlanak 28 urte ditu, mundu osoan zehar taularatu da eta oraindik ere “aktualizatuta” dago testua.

Eta publikun erantzune brutala da izaten. Jarraitu antzokixan beteten gure baginekin batera mese.

PD: Baginarik gabekoak ere super gonbidatuta daude antzezlana ikustera, beraiek ere gozatzen dute gure bakarrizketekin.

Nolakoa da Iraitz Lizarraga eta Intza Alkainekin lan egitea?

Beste marabilla bat. Plazer bat da eudakin eszenatokixe elkarbanatzi. Elkarri edaten ematen diogu, besteak ematen duena hartu eta horrekin asko jolasten dugu. Sintonia oso ona dugu elkarrekin eta azkenean asko disfrutatzen dugu. Oso seguru sentitzen naiz beraiekin taula gainean. Antzezlan hau are gehiago maite dut beraiei esker.

Antzezlan batzuk eginda dituzu. Zer deritzozu zure ibilbideari?

Pribilegiada hutsa izan naiz. Benetan. Beti esan dudan eta esango dudan zerbait da. Zorte handia izan dut. Kazetaritza eta antzerki ikasketak bukatu nituen eta segituan Pabellón 6ko gazte konpainian sartu nintzen Ramon Barearen zuzendaritzapean Shakespearen Romeo y Julieta antzezlanean lanean, eta aldi berean Gaztea Irratian. Eta hortik pila bat esperientzia ezberdinetan murgiltzeko aukera izan dut.

Lehen aukera asko izan ditut arlo oso ezberdinetan eta oraindik ere gehiago izaten jarraitu nahi dut.

Zuzendari ere ibili zara…

Bai. Lehen aukera hori ere izan nuen, eta zuzendaritza lana ere erakargarria iruditzen zait … baina momentu honetan belarri barruan beste musker batekin nabil.

Aktorea izateaz gainera, kazetaria ere bazara eta irratian egin duzu lan… Bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke? Zergatik?

Irratian ere entretenimenduan egin dut lan. Beti aritu naiz pertsonaia txiki bat lantzen, esango nuke. Hori ere lan aktorala iruditzen zait, nire pertsonaje maitatuenetako bat da, eta oraindik ere jarraitzen dut irratian astean behin kolaboratzen Ibon Fernandez eta Alain Perezen Gaztea Irratiko arratsaldeko GU saioan.

Non ikusten duzu zure burua etorkizunean, antzokietan edo telebistan?

Zoriontsu naizen tokian, hori seguru!

Galdera azkar batzuk.

-Gustuko duzun filma? Big fish

-Burutik kendu ezin duzun abesti bat? Lilili-Merina gris

-Hurrengo bidearen helmuga? Neuk be eztai! Irrikitan nago jakiteko

-Askotan ikusi duzun filma? Sleepy Hollow, Harry Potter, Eraztunen jauna, Love Actually, Ben hur, La vida de Brian, …

-Ikusi duzun azken filma? Poor things (bitan ikusi dut zinan, ikusi mesedez, brutala da!)