UNAI GANDARIAS /2020-02-10/ Bilbao Gazte Balioak Martxan sarien hirugarren ediziorako proposamenak aurkezteko ireki du Bilboko Udalak, astelehen honetan. Aurreko edizioetan bezala, helburua da “balioak dituen Bilbo baten garapenean gazteek duten zeresana indartzea”, eta gazteek hirian gertatzen den aldaketa sozialaren protagonista gisa duten eginkizuna aitortzea eta indartzea. Berrikuntza gisa, hirugarren edizioan, gazteen boluntariotzarekin zerikusia duten proiektuak sarituko dira.
Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziak azaldu duenez, “Bilbo beti izan da hiri solidarioa, eta, neurri handi batean, pertsonen eta entitateen sare indartsu batek bultzatu izan du horretara. Hain zuzen ere, gazte askok parte hartzearen bidez eta, beraz, boluntariotzaren bidez, adierazten dute euren konpromiso soziala, eta hala eraikitzen dute euren balio multzoa”.
Proiektua hiriko 16 eta 30 urte arteko gazteentzat da, 4 eta 10 pertsona arteko taldeetan banatuta. Proiektua aurkeztu nahi duten guztiek martxoaren 6ra arteko epea daukate. Izena emateko, bilbaogazte.bilbao.eus web orrira jo eta galdetegia bete behar dute. Aurkeztutako eskaera guztien artean gehienez bost ekimen hautatuko dira eta bakoitzak 4.000 euroko saria jasoko du, proiektua gauzatzeko.
Gizartean eragina duten ekimen berritzaileak baloratuko dira, parte hartzea eta ekintza boluntarioa sustatzen dituztenak, ‘Bilbao Balioen Hiria’ agiriaren ildotik. Epaimahaia hiru pertsonak osatuko dute: Gazteria eta Kirol Saileko ordezkari batek, Bolunta elkarteko ordezkari batek eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko ordezkari batek.
Aurreko bi edizioetan 144 proposamen jaso ziren, eta 300 bat gaztek sustaturiko 40 ekimen saritu eta garatzen lagundu ziren. Jarduera horiek milaka bilbotarrengana iritsi dira.