Makusi haur eta gazteentzako euskarazko unibertso digital berria heltzear da

Makusi haur eta gaztetxoentzako euskarazko unibertso digital berriak ostiralean hasiko du bere ibilbidea. EITBk sortutako komunitate berri honetan euskarazko entretenimendua izango da nagusi, eta etxeko txikienek modu seguruan biziko dituzte on-line esperientziak. «Gure hizkuntzan eta kulturan murgiltzeko aukera eskainiko zaie haur eta gazteei, edukien eskaintzarik onenarekin eta teknologiarik puntakoena erabilita, gailu eta ingurune guztietatik sartu ahal izateko», diote bere arduradunek.

Makusi unibertsoak bi zutabe nagusi izango ditu: plataforma digitala eta kluba. Eta biak eskura izango ditugu, doan. Plataformari dagokionez, haur eta gaztetxoentzako askotariko ikus-entzunezko eskaintza izango du: marrazki bizidunak, fikzioa, animazioa, telesailak, filmak… eta, nola ez, ekoizpen propioak. Edukiak adinaren arabera pertsonalizatuta eskainiko ditu, eta bakoitzak sustatzen dituen balioen deskribapen fitxa ere erakutsiko du.

Plataforma berriaren jaiotzarekin batera, hiru saio propio estreinatuko ditu Makusik: ‘Potx eta Lotx’, txikienentzako pailazoen programa; ‘Kalaxka’, Aritz Mendiolak eta @anepe.acedo-k aurkeztutako gaztetxoentzako aktualitatezko magazina; eta ‘Power Up’, euskaraz sortutako fikzioa, bideo-jokoaren mundua oinarri hartuta, nerabeen eguneroko gaiak eta arazoak jorratuko dituena. Marina Ostolaza eta Ibai Ugarte izango ditugu bertan protagonista. Ostiralero eduki propio hauen atal berri baten estreinaldia izango da Makusi plataforman.

Edukiak ikusteko nahikoa izango da erregistratzea, eta ohi bezala, plataforma berri hau gailu nagusienetan egongo da eskuragarri ostiraletik aurrera: webgunean, mugikor eta tablet-etan (aplikazioa Google Playn eta App Storen bitartez jaitsita); EITBko hbbTV zerbitzuan (botoi gorria). Laster Smart TV telebistetan ere ikusgai egongo da (Samsung eta LG marketan) eta chromecast gailuan edo norberaren Android gailutik TVra cast egiten.

Umeen Makusi Klubak, berriz, abantaila ugari eskainiko dituela aurreratu dute: zozketak eta lehiaketak, ikuskizunetarako sarrerak, zorion-agurren bideoan azaltzeko aukera, erabiltzaile-txartel digitala, eduki berrien eta estreinaldien newsletter bereziak… Interesa baldin baduzu, jakin ezazu bertako kide egitea doakoa izango dela.