Dantza topaketak, Bilbon, apirilaren 29an eta 30ean

Apirilaren 29an ospatuko den Dantzaren Nazioarteko Eguna dela eta, Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak prestakuntza jardunaldiak antolatu ditu Bilbon apirilaren 29an eta 30ean, BilbaoEszena antzerki baliabideen zentroaren laguntzarekin.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jardunean dauden eta sortzen ari diren konpainiei, artista profesionalei, jarduera tekniko osagarrietako profesionalei, koreografia zuzendariei edota koreografoei zuzendutako topaketak izango dira. Saioak Kulturgest aholkularitza enpresak emango ditu, aurrez aurre, Bilboko Burtsa eraikineko Ganbera espazioan.

Jardunaldien helburua da profesionalei informazioa eskaintzea beren jardueraren inguruko lan kontuei buruz, hala nola 2023an sinatutako EAEko arte eszenikoen sektoreko hitzarmen kolektiboa, artistentzako forma juridikoak eta lan kontratuak edo Gizarte Segurantzarekin, Ogasunarekin eta fakturazioekin loturiko bestelako gaiak.

Interesatuek apirilaren 21era bitarte eman dezakete izena info@addedantza.org helbide elektronikora mezua bidalita. Halaber, bide bera erabil dezakete saioetan landuko diren gaiei buruzko kontsultak eta zalantzak argitzeko.

Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteko bazkideek doan eman dezakete izena, eta bazkideak ez direnek 12 euro ordaindu beharko dute egun bateko saioarengatik eta 20 euro bi egunetakoengatik.