Ikasenpresa Azoka Eibarren ospatuko da ostegunean, bertan 2.240 ikasleen lanak aurkeztuko direlarik

Aurtengoa bederatzigarren emanaldia izango da, guztira 2.000 ikasletik gora parte hartuko dutelarik.

UNAI GANDARIAS /2020-02-06/ Ikasenpresa Azokaren bederatzigarren edizioa izango da ostegun honetan, otsailaren 6an, Eibarko (Gipuzkoa) Untzaga plazan eta Txantza Zelain kokatuko diren karpa eta standetan. Ekintzailetza sustatzea helburu duen Ikasenpresa programaren baitan Lanbide Heziketako 2.240 ikasle inguruk euren ikastetxeetan garatu dituzten 447 produktu edo zerbitzuak aurkeztuko dituzte bertan (iaz 376 aurkeztu ziren).

Ekimenean parte hartzen duten Lanbide Heziketako 82 euskal ikastetxeetako 64 zentroetako ikasleak dira ostegunean Eibarren egongo direnak. IX. Ikasenpresa Azokaren irekiera goizeko 10:00etan izango da, Eibarko Untzaga plazan, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez.

Ikasleek garatu dituzten produktu edo zerbitzuak arlo eta sektore erabat desberdinetakoak dira, hala nola osasunaren esparrukoak, ostalaritzakoak, informatikakoak, energia arlokoak, robotikaren ingurukoak, ile apaindegi eta estetika arlokoak, eraikuntzakoak edo nekazaritza arlokoak. Goizeko 10:00etan hasi eta 13:00ak arte iraungo du azokak Eibarko Untzaga plazan eta Txantxa Zelain.

Ikasenpresa hezkuntza programa bat da, ikasgeletan eskola enpresak sortzea ardatz duena. Proiektuaren helburuen artean enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzea dago, bai eta gaitasun ekintzaileen garapena sustatzea ere: sormena, berrikuntza, talde lana, erabakiak hartzea, informazioaren kudeaketa, iniziatiba, lidergoa, konpromisoa, negoziazioa eta abar. Horrez gain, ikaslea beste kultura eta gizarte errealitate batzuetara hurbildu eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatu nahi da.

Zehazki, ekimenaren helburuak dira ‘ikasenpresa’ bat sortzea, ikasleak jabetu daitezen ekintzaile izateak zer esan nahi duen; ikasleen gaitasunak garatzea, profesional onak izan daitezen: enplegagarriak, aktiboak, ekintzaileak edo euren lantokietan ekintzaile izateko; ikasleak autoenplegua beste aukera on bat dela jabetzeko sentsibilizatzea.

Programan, ikasleek enpresa txiki bat martxan jartzen dute ikasgelan, eta enpresaren jarduera guztiak aurrera eramaten dituzte (irudi korporatiboa, administrazioa, marketina, salerosketa eta abar). Produktu edo zerbitzu errealak izaten dira, beraiek ekoiztu edo merkaturatutakoak.