Emakunde eta Euskal Herriko Farmazialarien Kontseilua elkarlanean arituko dira genero-indarkeriaren aurkako borrokan, Euskadiko farmazietan informazio-, prebentzio- eta sentsibilizazio-jarduerak garatuz.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eta Miguel Ángel Gastelurrutia Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Kontseiluko presidenteak azaldu dutenez, lankidetzak EAEko 842 farmaziatako profesionalei indarkeria matxistako kasuak detektatzen laguntzeko prestakuntza ematea hartzen du barne, baita biktimei arreta emateko telefonoa banaketa-tiketetan ematea ere.
Elgarrestak azpimarratu duenez, euskal elkargo profesionalek prestakuntza hori eskatu zuten indarkeria matxistaren zantzuak dituzten emakumeei nola lagundu jakiteko. “Eskerrak eman nahi dizkiogu sektoreari, indarkeriaren biktima izan daitezkeen emakumeei laguntzeko erakutsitako interesagatik eta borondateagatik”, adierazi du Emakundeko zuzendariak, eta ekimen horrekin “farmaziak administrazio publikoek eskaintzen duten arreta-sistemara emakume biktima gehiago sartzeko ate” bihurtzen direla uste du.
Prestakuntza-saio bat egin da Arabako profesionalentzat, eta, ondoren, Donostian eta Bilbon jarraitu da. “Euskadiko farmazialarientzat planifikatu den prestakuntzari esker, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak identifikatzen ikasi ahal izango dugu, baita erne egonarazi behar gaituzten sintomak edo zantzuak, seinale horien lekuko bagara nola jokatu eta, ondoren, jarduteko prozedura egokia garatu ere”, adierazi du Miguel Angel Gastelurrutia Euskal Kontseiluko presidenteak. Farmazien euskal sarea, bere banaketa geografikoagatik, indarkeria matxistako kasuak detektatzeko radar bihurtuko da. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak zerbitzu hori eskertu nahi izan die sektoreko profesionalei, ekimenaren aurkezpenean parte hartzeagatik.
SATEVI telefonoa tiketetan
Farmazia-bulegoetan lan egiten duten langileen trebakuntzaz gain, akordio honek aurreikusten duen beste ekintza bat SATEVIren telefonoa zabaltzea da, etxeko indarkeriaren edo sexuagatiko indarkeriaren biktima diren emakumeei informazioa eta arreta emateko zerbitzu espezializatuaren telefonoa, hain zuzen.
Oiane Zarate psikologo eta 24 orduko arreta-zerbitzuko koordinatzaileak parte hartu du agerraldian. Azaldu duenez, biktimek deiaren arrastorik uzten ez duen arreta espezializatua dute SATEVIn, eta edozein zalantza edo komunikazio-premia duten emakumeak zerbitzuarekin harremanetan jartzera animatu ditu.
842 euskal farmaziek (438k Bizkaian, 288k Gipuzkoan eta 116k Araban) honako mezu hau jasoko dute beren banaketa- txarteletan: “Indarkeria matxista / Laguntzarik behar duzu? / Deitu 900-840111 telefonora”. Farmazien kudeaketa-programek dagoeneko txertatu dituzte tiket hori eratzeko behar diren ezarpenak. Horren bidez, telefonoa zabalduko da indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat eta indar- keria-kasu baten lekuko izan daitezkeen pertsonentzat, hurbi- lekoentzat, senideentzat eta profesionalentzat. SATEVIren telefonoa doakoa da, eta ez da agertzen telefono-ordainagirian.