LGTBIQ+ komunitateak kargu politikoetan duen ordezkaritzak garrantzia irabazi du mundu osoan azken urteotan. Gizartea inklusiboago eta aniztasunaz kontzienteago bihurtu den heinean, LGTBIQ+ pertsonen ikusgarritasuna eta partaidetza areagotu egin da politikan. Hala ere, oraindik bide luzea dago egiteko.
Mende honetan zehar, kargu politikoetan dauden kolektiboko hainbat pertsona egon dira, baina, duela gutxi, zalaparta sortu zen hainbat herrialdetan, Gabriel Attal Frantziako lehen ministroarekin lotutako albistea- rekin lotuta. Gizon horrek mundu guztiaren begiradak erakarri ditu bere gaztetasunagatik (V. Errepu- blikako lehen ministro gazteena da), baina, batez ere, bere sexu- orientazioagatik, gay baita.
Zalaparta mediatiko horrek argi uzten du pertsonen orientazio sexualak albiste izaten jarraitzen duela, eta iritziak emateko arrazoia dela; beraz, ez dago normalizatuta.
Eztabaida moduko bat dago horren inguruan; izan ere, alde batetik, kargu politikoetan LGTBIQ+ ordezkaritza lagungarria izan daiteke mundu parekideago bat barrutik eraikitzeko; beste alde batetik, kolektiboarentzat berdintasun hori oraindik ez dagoenez, ez dira hainbeste baloratzen ordezkariaren ekintzak; aitzitik, fokupean jartzen dira titularrak betetzeko.
Kolektiboak eskatzen duena da pertsona bezala baloratzea. Beren ekintzengatik balioestea, eta gay, lesbiana eta abar izateak albiste izateari uztea. Puntu horretara iristeko, eta bidea ez dela erraza kontuan hartuta, aurrera egiteko armarik garrantzitsuenetako eta eraginkorrenetako bat ikusgarritasuna da.
Esan bezala, politikan LGTBIQ+ ordezkaritza egoteak bermatzen du bere ikuspegiak, esperientziak eta beharrak kontuan hartuko direla politikak eta legeak formulatzean. Horrela, homofobiari eta transfobiari aurre egingo zaie pixkanaka, eta aurreiritziak ezabatuko dira.
Laburbilduz, LGTBI komunita- tea politikan ikusgarri izatea funtsezkoa da gizarte inklusiboagoak eta bidezkoagoak eraikitzeko, pertsona guztiek, sexu-orientazioa edo genero-identitatea edozein izanda ere, bizitza politikoan eta sozialean bete-betean parte har dezaten.