“Faisaien irla”, edo uhartea, euskaraz filmatutako film luzea

Asier Urbieta zuzendariaren lehen film luzea mugaren kudeaketa dramatikoan girotuta dagoen “thriller aparta” da, eta euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz ari dira filmatzen. Jone Laspiur donostiarra eta Sambou Diaby dira “Faisaien uhartea” opera prima honetako protagonista, Itziar Ituño eta Josean Bengoetxearen laguntza bereziarekin.

Urbietak eta Andoni de Carlosek (Handia) elkarrekin idatzitako film luze honek, munduko jabekiderik txikiena, Bidasoaren bokalean, Irunen, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko muga marrazten duen ibai uhartetxoaren izena dauka.

Faisaien uhartean gorpu bat agertzeak Laidaren eta Sambouren, mugan bizi den bikote gaztearen, bizitzak nola aldatzen dituen kontatzen du filmak.

Filmaketa sei astez egingo da euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz Irun, Hendaia eta Donostian. Gidoilarien hitzetan, “Faisaien irla pisu emozional handiko thrillerra da, eta mugen zentzugabekeria eta eragiten dituzten giza ondorioak ditu kontagai.

Gaur egun, Bidasoaren ertzetan gertatzen ari den errealitate bat erakusten du filmak: azken urtean, hamar bat per- tsona galdu dira bertan Frantziara igaro nahian”.

Urbietak Altsasu (2020) telesaila eta Pim Pam Pun film laburra ditu bere historian, eta azken hori nazioarteko 180 jaialditan baino gehiagotan hautatua izan da eta 32 sari jaso ditu. Bi proiektuetan Andoni de Carlosekin kolaboratu zuen, Handia filmaren gidoigilea; filmak hamar Goya sari jaso zituen, gidoi original onenarena eta Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Berezia, besteak beste.