Gerrek ondorio katastrofiko eta suntsitzaileak izan arren, gaur egungo mundu asaldatuan, oraindik ere gatazka armatuak daude herrialde askotan. Liskar horiek hainbat ondorio dakartzate, hala nola erabat suntsitutako hiriak, giza bizitzak galduta, behartutako lekualdatzeak, gosetea, baina, batez ere, giza eskubideen urraketa larria dira.
2024. urtea Gaza, Sudan eta Ukrainako gerrekin hasi zen. Mundu osoan, liskarrak konpontzeko ahalegin diplomatikoak porrot egiten ari dira, eta horrek aurrekaririk gabeko krisi diplomatikoa dakar. Gero eta buruzagi politiko gehiagok gerra hasteko mehatxua egiten dute, helburu militarrak eskuratzeko. Putin Errusiako presidentea edo Jongun Ipar Koreako diktadorea, besteak beste, jokabide horren adibide garbia dira, etengabeko mehatxuekin, eta horrek munduko bakea ezegonkortzen du. Okerrena da nahi dutena lor dezaketela….
Mende berria, gerra berriak
1990eko hamarkadan eta 2000ko lehen urteetan gatazka armatuak gutxitu eta gero, 2012tik aurrera, gerren kopuruak gora egin du. Lehenik, Libian, Sirian eta Yemenen gatazkak sortu ziren, 2011ko matxinada arabiarrek eraginda. Ondoren, gatazka garrantzitsuen beste olatu bat etorri zen: 2020an, Azerbaijan eta Armeniaren arteko gerra, Nagorno-Karabaj zela-eta; aste batzuk geroago, Etiopia iparraldeko Tigray eskualdeko liskar izugarriak hasi ziren; 2021ean, Birmaniako armadaren estatu- kolpeak; eta, 2022an, Errusiak Ukrainari egindako inbasioak eragindako gatazka. Horiei Sudanen eta Gazan 2023an izandako suntsipena gehitu behar zaie. Beste hamarkada batzuetan ez bezala, azken urteetan esponentzialki handitu da borrokan hildako edo etxetik bizirauteko lekualdatutako pertsonen kopurua.
Egoera hori saihesteko eta gerraren mehatxua mundu osora zabal ez dadin, 2030 Agendaren (“Bakea, justizia eta era- kunde sendoak”) 16. helburuak gizarte baketsuak eta inklusiboak sustatzen eta bultzatzen ditu, herritar guztiei justiziarako sarbidea errazteko eta maila guztietan erakunde eraginkorrak, arduratsuak eta inklusiboak sortzeko.
Bakea eta justizia sustatzea funtsezkoa da hainbat helburutan aurrera egiteko.