Guztioi gustatzen zaigu barre egitea eta ahal dugun bakoitzean algarak egiten saiatzen gara. Lagunekin egotea, txantxa eta txiste asko egitea, eta film on bat edo umorezko telesail bat ikustea hori lortzeko modurik onenak izan daitezke. Antzerkira bakarrizketak ikustera joatea ere ez da aukera txarra, baina, ezin izanez gero, etxean bakarrizketak ikusteko aukera bikaina da. Eta hori da oraingoan Euskal Telebistak ekarriko diguna.
Izan ere, astearte honetan ETBk azken urte hauetan indar handia hartu duen euskal umoregintzari eskainitako saioa estreinatuko du, ‘Altxa Komedia’ izenekoa. Hau da, Stand-up comedy genero eta espresioaren susperraldi horren eredu izan diren bakarrizketagileek ondutako uzta dakarkigu programa berriak ETB1era eta eitb.eus-era, Primeran plataforman eskaini eta gero.
Zehazki, Azpeitiko San Agustin aretoan grabatutako emanaldietan, punta-puntako kartelarekin gozatzeko aukera izango dugu: Nerea Arriola, Mirari Martiarena, Julen Axpe, Iker Plazaola, Ana Goitia, Julen Portillo, Maialen Sorzabalbere, Eñaut Zuazo, Mikel Irazusta, Ion Martinez ‘Txiki’, Esti Curiel eta Maria Blanco.
Gauzak horrela, stand-up comedy euskaldunaren trebezia irrikagarria gozamen huts bihurtuko da saio berezi honetan, astearte gauero, 22.15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.