Apirilaren 28an hitzordu garrantzitsua dugu. Aurtengo Mintza Eguna Erandion ospatuko da. Eta zer da Mintza Eguna? Euskal Herriko zein diasporako mintzalagun, berbalagun solaslagun, solaskide eta mintzakideen urteroko jaia da. Beste bidelagun eta bidelari batzuk ezagutu eta egun-pasa ederra egiteko aukera polita izango da, baita beste herri zein mintza talde batzuk ezagutzeko parada aparta. Ekimen hau Berbots Erandion Euskaraz eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean eta ilusio guztiarekin antolatuta dago.
Hara joan nahi duzu? Autobus eta bazkarirako txartelak hemen eskura ditzakezu, apirilaren 21era arte. Beste urte batzuetan baino lehentxoago iritsi da aurtengo hitzordua, izan ere, Berbotsek duela 20 urte berreskuratutako Kanpomartxo jaiarekin bat egingo du eguerditik aurrera. Egitarau borobila, giro ederra, musika, dantza… baita sarean parte hartzeko aukera ere! «Mintza komunitatearekin bat egin, zatoz Mintza Egunera!», luzatzen dute gonbidapena.
Horrela, Mintza Eguna 11.15ean abiatuko da harrerarekin, Merkatu Zaharrean. Herriko Plazan, 11.30ean, ongietorri ekitaldia Aurorirekin. Ondoren, eguerdian, hamaiketakoa eta bisita gidatua eta mintzodromoa antolatu dituzte. Berriz, 14.15ean autobusean Faoeta auzoan Kanpomartxo jaia ospatuko dute. Ordu-erdi beranduago, bazkaria izango da eta erromeriaren txanda 17.30ean abiatuko da. 19.00etan aurtengo Mintza Egunari amaiera emango zaio.
Batek baino gehiagok beharbada ez du jakingo zer den Kanpomartxo. Berbots Erandion Euskaraz Elkarteak 1994. urtean berreskuratu eta birmoldatutako jaia da. Garai batean inauteri aurreko igandean herritarrak mendira edo landa batera joaten ziren lagunarte edota familiartean suaren inguruan bazkaltzeko. Egun, inguruko euskaldunak biltzeko deia egin eta bazkaria ez ezik, musika eta dantzari ere leku berezia eskaintzen zaie Kanpomartxoan.