‘Ni Naizena Naiz’ erakusketa ikusgai Elorrioko LGTBIQA+ unibertsoa loratzeko

Apirilaren 30era arte bisita dezakegu ‘Ni Naiz Naizena’ erakusketa Elorrioko Iturri Kultur Etxean. Trans pertsonen testigantzekin osatutako argazki galeria da. Izan ere, ekainera arte LGTBIQA+ pertsonak ikusarazteko ekintza ugari egingo dira udalerrian.

Erakusketaren harira esan beharra dago webseriean inspiratuta dagoela, zeinetan egunerokoan aurre egin beharreko erronkak eta zailtasunak ezagutzera eman nahi dituzte trans pertsonen esperientziak kontatzen dira. Atalak grabatu bitartean, argazkiak atera zizkieten Nere Falagan eta Eduardo Gaviña (Yogurinha Borova) argazkilariek protagonistei, argazkietan dituzten keinu, jarrera eta gorputz-adierazpenaren bidez haien nortasuna islatzeko. Webseriea eta argazki erakusketa Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteek elkarlanean sortutako gizarte eraldaketarako hezkuntza-prozesu baten parte dira. Bi elkarte gipuzkoarrek giza eskubideen alde egiten dute lan, besteak beste, LGTBI+ pertsonen benetako berdintasunaren alde, bai tokiko mailan, baita Latinoamerikako hainbat herrialdetan ere.

Udaberriko LGTBIQA+ kanpainarekin jarraituz, hurrengo mugarria apirilaren 26an kokatzen da. Ikusgarritasun Lesbikoaren Nazioarteko Eguna da, emakumeek generoagatik eta sexu-orientazioagatik jasaten duten diskriminazio bikoitza ikusarazteko eguna. Ildo beretik, maiatzaren 17an LGTBI+ fobiaren aurkakoa nazioarteko Eguna izango da, eta Elorrioko ikastetxeek Hezkidetza kalera proiektuaren baitan ekimen indartsu bat egingo dute.

Bukatzeko, ekainaren 28ko Sexu-askatasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Batukimba Drag ikuskizuna etorriko da Elorriora. Gainera, ekainean ere kirol munduan homofobiaren kontrako tailerra garatuko da.