Estimazioen arabera, urtero pertsona bakoitzak 79 kilo elikagai botatzen ditu zaborretara, 1050 milioi guztira. Hala dio NBEren Ingurumenerako Programak (UNEP, ingelesez) egindako Xahututako Elikagaien txostenak (2022ko datuak biltzen ditu).
Txostenak egindako kalkuluen arabera, botatako janariarekin, egunean 1,3 otordu bermatuko lirateke munduan goseak jotako 783 milioi pertsonarentzat.
“Elikagaien xahutzea munduko tragedietako bat da. Milioika pertsonak gosea pasatzen dute, eta bien bitartean, elikagaiak zaborretara botatzen dira”, azaldu du Inger Andersen, UNEP programako zuzendariak. Auziak munduko ekonomiari ez ezik, klima aldaketari, bioaniztasunari eta kutsadurari ere eragiten dio. Izan ere, xahututako elikagaiek negutegi efektuko gasen isurien %10 eragiten dute.
Munduan xahutzen den elikagaien zati handiena, %60, etxeetan botatzen da: 631 milioi tona. Catering zerbitzuek eta txikizkako sektoreak, hurrenez hurren, 290 eta 131 milioi tona xahutzen dituzte (%19).
Janaria elikatze katearen fase ezberdinetan galtzen da: uztan, salmenta puntuetan, eta baita kontsumoan ere.
Ez dute nazio aberatsenek bakarrik sortzen arazoa. Hala, diru-sarrera altuenak dituzten herrialdeak eta herrialde txiroetan xahututako kopuruei erreparatuta, urtean zazpi kilo per capitako aldea baino ez dago bien artean.
Arrakala handiena landa eremuaren eta hiriguneen artean dago. Diru-sarrera ertainak dituzten herrialdeetan, esaterako, landa eremuan janari gutxiago botatzen da. Horren azalpena honako litzateke: elikagaien hondakinak etxeko animalientzat, pentsurako edo konposta egiteko gordetzen dira. Hori horrela, hirietan ere zaborrera botatzen den elikagaien kopurua murrizteko eta konposta indartzeko neurriak eskatu ditu NBEren programak.