Film laburren Kimuak 2024 programan parte hartzeko deialdia zabaldu dute

Euskal film laburrak sustatu, zabaldu eta banatzeko 2024 Kimuak programara film laburrak aurkezteko epea ireki dute, apirilaren 21era bitarte.  Aurten, deialdira aurkezteko prozesua bere web plataforma berriaren bidez egingo da:  https://kimuak.basqueaudiovisual.eus.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkez ditzake, betiere 2023ko ekainaren 1etik aurrera ekoiztutakoak badira. EAEko film laburrak edozein hizkuntzatakoak izan daitezke; Nafarroakoak eta Iparraldekoak, berriz, euskaraz izan beharko dira.

Film laburrek komertzialki estreinatu gabeak izan beharko dute. Zinemaldi baten barruan plataforma publikoren baten bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatu egingo da. Lan hauek gehienez hogeita bost zinemalditara aurkeztu izana onartuko da.

Deialdian hautatutako film laburrak Kimuak programan sartuko dira eta nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuetara bidaliko dira.

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.