Gin Músicak eta Dabadabak antolatzen duten Boga Boga Festibalaren bigarren edizioak ere musikaren inguruko esperientzia berezia eta “atsegina, inmertsiboa eta zeharkakoa” izatea izango du helburu.“Jaialdi bat baino gehiago, musikaren inguruko jai bat da; izan ere jai-izaerako ekitaldia da eta dauden espazioetara egokitzen da, azpiegitura handirik edo lekualdaketarik behar izan gabe. Donostiak urteak daramatza berriro tokiko DNA izango duen musika independenteko jaialdi bat izatea eskatzen. Eta alderdi emozionalari zein hiriko agendari dagokionez dagoen hutsune hori bete nahi dugu”, azaldu dute Gin Músicako Sergio Cruzadok eta Dabadabako Alex Lópezek.
Iaz asteburu bakarreko jaialdia izan zen, baina aurtengoan luzeagoa izango da. Irailaren 4an hasiko da, Kontxako estropaden asteburuan, eta hilabete osoan zehar antolatuko dituzte kontzertuak. Agertoki berriak ere izango ditu, hala nola Aieteko Parkea eta Kursaaleko terrazak.
Festibalaren bigarren edizioa irailaren 4an hasiko da, Dabadaban, Tengger taldearekin. Bi egun geroago, irailaren 6an, Mudhoney grunge taldekoak izango dira Aieteko parkean. Haiekin batera izango dira Lisabö, Melenas eta Ithaka taldeekin.
Irailaren 7an, larunbatean, Gorka Urbizu, Sara Zozaya eta Los Sara Fontan taldeak arituko dira Chillida-Leku Museoan. Emanaldi honetarako sarrerak dagoeneko salgai daude hemen.
Kursaaleko Terrazan arituko dira TOC, Pinpilinpussies, Pipiolas, Nueve desconocidos, Teo Lucadamo eta Dalila, irailaren 14an eta 15ean.
Gau elektronikoak ere izango dira Dabadaban, eta hainbat kontzertu Le Bukowski aretoan eta Kutxa Kultur Klubean. Antolatzaileek aurrerago iragarriko dituzte honen inguruko xehetasunak.
Udako ikastaroa Miramarren
Udako ikastaroa ere egingo dute Euskal Herriko Unibertsitatearekin, irailaren 5ean eta 6an, Miramar Jauregian. Jaialdien ereduari eta horrek XXI. mendean kulturan duen inpaktuari buruz eztabaidatuko da ikastaro horretan,Sarr jaialditako ordezkarien, kazetarien eta profesionalen parte-hartzearekin.