Musika eta txotxongiloak uztartuko dituen ikuskizuna, asteazkenean, Euskaldunan

‘Hariak’ izeneko ikuskizunarekin itzuliko da asteazkenean, martxoaren 20an, Bilboko Udal Txistulari Banda Euskalduna Bilbao jauregira. Garazi Navas akordeoi jotzaileak lagunduta, eta Picuentos konpainiarekin elkarlanean, musika eta txotxongiloak uztartuko dituen emanaldia izango da, publikoa «fantasiazko eta irudimenezko mundu batera» eramateko.

Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, ‘Hariak’ ikuskizunak diziplina arteko esperientzia berezi bat ekarriko du, «non musika eta txotxongiloak batuko diren emaldi liluragarri eta ahaztezin bat eskaintzeko».

Ikuskizun honetan dozena bat doinu entzungo dira, besteak beste, ‘Haur jolasa’ eta ‘Xera jostakina’ (J. I. Ansorena / J. R. Senperena), ‘Udalaitz’, ‘Basalde’ eta ‘Elias eta Belatxe’ (Xabier Zabala), ‘Sugandilla’ (Aitor Furundarena), ‘Pastoral’ (J. M. Gonzalez Bastida) eta ‘Itsasora mezu bat’ (Pello Ramirez).

Emanaldia asteazkenean izango da, 19.00etan, eta sarrerak Euskalduna Bilbao jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan eros daitezke.

Bilbok Udal Txistulari Bandak apirilaren 17an bukatuko du Euskaldunako aurtengo denboraldia, eszenatokia mugimenduz beteko duen ‘Sua piztuz’ zirku eta musika ikuskizunarekin. Zirkozaurre konpainiak eta Gorka Ganso clownak kolorez eta alaitasunez beteko dute agertokia, Garazi Navas, Gorka Eskauriaza eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko txistu ikasleekin batera.