Interneten garaian, memeak ohiko bihurtu dira, eta aitortu behar da batzuek grazia handia egiten digutela, oso originalak eta dibertigarriak direlako. Memea umorezko mezu sinple bat da, zabalkuntza handi eta azkarrekoa, gehienetan jatorrizko irudi, bideo edo testu baten nahasketa satirikoan oinarritzen dena. Ziur nago bat baino gehiago datorkizula burura.
Publiko guztiari zuzenduta dauden arren, gazteak dira, oro har, komunikazio-modu horren igorle eta hartzaile handienak, sare sozialetan eta mezularitza-programetan hedatzen baitira. Euren sentimenduak adierazteko, egoera bat azaltzeko edo besterik gabe lagunekin dibertitzeko balio dute, eta umorea, satira eta ironia lantzen dituzte erabiltzaileek bitarteko grafikoen bidez. Hizkuntza funtsezko elementu bihurtzen da jolas horretan, eta, minutu gutxi batzuetan, jendeak ideia berriak ekartzen ditu eta memeak aldatzen doaz.
Bada, hori esanda, Azkue Fundazioak eta Iametza enpresak Memeka lehiaketa ekarri digute berriro, gazteek ingurune digitalean euskara erabiltzeko aukera paregabea, haientzat entretenigarria eta dibertigarria den edukia sortuz. Aldi berean, antolatzaileek nabarmendu dutenez, «ekimen honek agerian uzten du euskal hizkuntzak eta kulturak aro digitalean garrantzitsuak eta zirraragarriak izaten jarrai dezaketela».
Gaia librea izango da
Baina nola parte hartu behar da? «Memeak egiteko, gazteek irudi garbiak eskuratu ahal izango dituzte memeka.eus webgunean, eta gero, irudiotan testuak txertatu. Letra tipoaren kolorea eta mota pertsonalizatzeko aukera ere izango dute eta irudiaren gainean erabiltzeko eranskailu (sticker) ezagunak ere izango dituzte eskura. Memeak argitaratuz gero, Memeka webguneko katalogo orokorrean kontsultatu eta erabili ahal izango dituzte gainerako erabiltzaileek», esan dute.
Lehiaketari dagokionez, 15 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduta egongo da; memeak sortzeko memeka.eus plataforma erabili beharko da, bertan dauden oinarrizko irudiak erabiliz; memeen gaia librea izango da, baina memeetan txertatuko diren testuak euskaraz idatziak egon beharko dute; eta ez dira onartuko eduki iraingarriak edo errespetuzkoak ez direnak, ezta kalitate-maila nahikorik ez dutenak ere. Hau da emeren bat egokitzat jotzen ez bada, ez da argitaratuko eta lehiaketatik kanpo geldituko da.
Eta bi sari egongo dira. Bata webgunearen bidez bozka kopuru gehien jasotzen dituen memearentzat 200 euro. Eta bestea, 150 euro Memekako Instragram eta Pixelfed kontuetan (biak batuta) like kopuru gehien jasotzen dituen memearentzat. Gainera, maritutako memeekin serigrafiatutako kamisetak ere jasoko dituzte irabazleek.
Beraz, ez pentsatu, eta baldintzak betetzen badituzu, eman izena.