Hauek dira Disney printzesen efektu psikologikoak

Disney printzesek paper esanguratsua izan dute, hamarkada luzeetan, haurren garapen psikosozialean. Entretenimendu frankizia honen irismena izugarria da eta hazi baino ez da egin, belaunaldi ugariren haurtzaroko erreferentzia bilakatuz.

Baina, Spiderman-i esker ondo ikasi dugun bezala “botere handi batek, ardura handia dakar” eta sortzen dituzten pertsonaia eta istorioek gai ugari jorratzen dituzte: ontasuna, harreman erromantikoak, itxura fisikoa… zein dira hauek modu batera edo bestera jorratzearen ondorioak?

Ez da berria Disney-ri genero estereotipoak eta emakumeen kaltea eragiten duten maitasun erromantikoak promozionatzen dituela leporatzea. SirenatxoaEderra eta Piztia zein bestelako ipuin klasikoen bertsioetan protagonistek euren identitatearen funtsa galtzen duten maitasun bategatik edo gaizki tratatzen dituen gizonezko bat aldatzen saiatzen dira.

Disney printzesak samurrak dira, zaintzaileak, ederrak eta argalak. Hauetako batzuei ahalduntze ukitua esleitzen zaie, baina istorioaren korapiloa iristean berehala desagertzen da ezaugarri hau. Protagonista maskulinoa izan ohi da, azkenik, arazoa konpontzen duena, eta askotan, baita printzesa salbatzen duena ere. Zenbaitzutan, istorioaren ebazpena printzesaren esku dago, sarritan autosakrifizioaren bitartez eta ez borroka aktibo bati esker, ikusi bestela ez dago Rapunzel Tangled pelikulan.

Egungo printzesen argumentuan aurrera egiteko emakumeen funtzioa hazi egin bada ere, adibidez Brave edo Frozen pelikuletan ikusi daiteke hori, gorputz irudiaren auziari ez zaio irtenbidea jarri.

Nola eragiten diote haurtzaroaren garapenari Disney-ko pelikulek?
Disney printzesen eragina haurtzaroaren garapenean aztertzen duten ikerketek hiru gune bereizi dituzte: autoestimua, genero estereotipatuen jokabideen bereganatzea eta gorputz-irudia.

Child Development aldizkarian argitaratutako ikerketak batek datu interesgarriak zabaldu zituen frankiziaren eraginari buruz. Adibidez, Disney-k haur mutilengan autoestimua hobetzen zuela, baina haur nesketan ez zen hobekuntza esanguratsurik hautematen.

Genero estereotipoei dagokionez, ikerketa berdinak erakusten zuen, neskatxak Disney-ko produktu asko kontsumituz gero genero estereotipatutako jokabideak erakusten zituztela eta jostailu “maskulinoak” erabiltzea ekiditen zutela.

Bigarren belaunaldiko printzesak (Sirenatxoa, Aladdin, Pocahontas eta Mulan) jada gizonezkoei esleitzen zaizkien trazu estereotipatu batzuk bazituzten ere, hala nola, arazoaren konponketa bideratzea edo idenpendentzia; femeninoak bezala izendatuak diren jokabide guztiak mantentzen dituzte. Hau da, Disney printzesek edertasun kanonak dituzte: argalak dira, betile luzekoak eta proportzio perfektudunak.

Gorputzen aniztasunen austentzia honek ona eta ederraren arteko lotura eragiten du Journal of Applied Social Psychology-n argitaratutako ikerketak dioen bezala. Ikerketa honen arabera material hau kontsumitzen duten haurrek estetikari garrantzia handiago ematen diote eta jokabide ezberdinak dituzte ederrak iruditzen zaizkien beste umeen aurrean.

Hori bai, argi izan behar dugu estereotipo femeninoak ez direla txarrak, zaintza eta ontasuna balore onak dira. Kontua da, pertsonen garapen psikologikoan espiritu kritikoa ere beharrezkoa dela. Adituek ez dute aholkatzen Disney-ko produktuak haurrei debekatzea. Ikerketa ezberdinek erakusten dute, kontsumitzen dutenaz gain, haurraren arduradunen eragina ere ezinbestekoa dela eta kontsumitzen duten horri buruzko hausnarketak egitea ere positiboa izan litekeela.

Guk nahi edo ez nahi, haurren Disney-ko printzesen eragina jasoko dute. Alta, gure esku dago, gizarte bezala, ikusten duten horretatik ikasteko gaitasuna garatzea. Garrantzitsua da haurrei erakustea hobea dela maite ditugun horiek izatea laguntzen dituztenak arazo baten aurrean, eta ez idealizatutako printze urdinak.