Gasteizko haziak gazteen ideien lehiaketarako izena-emate epea zabaldu dute

Haziak gazteen ideien hamabigarren edizioa martxan jarri du Gasteizko Udalak. Lehiaketa horren bidez, 14 eta 30 urte arteko gazteek beren proiektuak garatu ahal izango dituzte laguntza teknikoarekin eta ekonomikoarekin. Proiektu bakoitzak, gehienez, 3.000 euroko finantzaketa jasoko du.

Gasteizen bizi diren, bertan ikasten edo lan egiten duten 14 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago lehiaketa. Proiektuetan era askotako gaiak jorra daitezke: kirola, ingurumena, osasuna, sorkuntza eta berrikuntza, komunikazioaren teknologiak, hezkuntza ez-formala, feminismoak, elkartasuna, kulturartekotasuna, euskara eta abar. Formatuari dagokionez, berriz, lantegiak, sorkuntzarako guneak, horma-irudiak, proiekzioak, emanaldia, ikus-entzunezko film laburrak eta abar izan daitezke.

Proposamenak apirilaren 14ra arte bidal daitezke haziak@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora. Proiektuak aurkezteko epea amaitzean, apirilaren 19an, lan kolektiboko saioa egingo da pertsonak eta aurkeztutako proiektuak ezagutu ahal izateko. Ondoren, parte-hartzaileek proposamenak lantzeko eta berriro aurkezteko aukera izango dute, gehienez ere lau eguneko epean. Azkenik, behin betiko proiektuak aurkeztuta, epaimahaiak irabazleak hautatuko ditu.

Informazio gehiago hemen kontsulta daiteke.