‘M11, martxoko lau egun’ dokumentala estreinatuko dute gaur Primeran-en

Azken egun hauetan hainbat programa berezitan ikusi ahal izan dugu nola izan ziren 2004ko martxoaren 11n Madrilen izua, 193 hildako eta 2057 zauritu eragin zituzten atentatu jihadistak. Bada, datorren astelehenean 20 urte beteko dira Espainiako historiako atentaturik suntsitzaileenak eman zirenetik, eta, urtemuga hori dela eta, Primeran streaming plataformak ‘M11, martxoko lau egun’ hiru ataleko dokumental saila estreinatuko du euskarazko azpitituluekin. Saioaren arduradunek esan dutenez, kapitulu ezberdinen bitartez, «gaira hurbildu eta berau arakatuko dute; falta diren erantzunetako batzuk bilatuko dituzte, eta fokua lehen jarri ez zen tokian jarriko dute».

Eta nola egingo dute hori? New Digital Mediak eta Prisaren Lacoproductorak ekoiztutako lanak martxoko lau egun haietan gertatu zena aztertuko du (martxoaren 11ko atentatuetatik hasi eta José Luis Rodríguez Zapaterok 14ean hauteskundeak irabazi zituen arte). Horri lotuta, ustekabezko ondorioak ere jorratuko dituzte: atentatu izugarriek eragindako shocka eta mina; José María Aznarren Gobernuak hauteskunde helburuetarako ETAren egiletzari buruz sortutako gezurra eta manipulazioa; ‘konspirazioaren teoria’ deitu izan zitzaiona; ordura arte terrorismoari buruz zegoen paradigma aldatu izana… Beti biktimak kontuan hartuta, egun traumatiko haietara itzuliko da dokumental saila, egun horiek orduan kontatu ez ziren erpinetatik kontatzeko.

Hauteskunde egunera arteko atzerako kontaketa gisa, egun horiek hurbiletik (bulegoetan eta erredakzioetan) bizi izan zituzten kazetarien eta politikarien testigantzen bidez egina dago nagusiki narrazioa, hurrengo gobernua jokoan egonda erlojupeko frenetiko horretan inplikatuago zeuden kazetari eta politikarien testigantzen bidez, hain zuzen ere. Baina ez haiek bakarrik. Poliziak bere lanaren manipulazioa barrutik nola bizi izan zuen ere erakutsiko du; eta, denen gainetik, biktimen mina eta drama. Kontakizunak ia thriller baten antzera funtzionatzen duela esan liteke, eta ez ditu alde batera uzten Genova kaleko PPren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratze historikoak, ezta lehen aldiz SMS bidez deitutako mobilizazio soziala ere (‘Pásalo’ ezaguna).

Hala, lehenengo atalean, hainbat kazetari, politikari, aditu, biktima, epaile eta polizia agenteen funtsezko testigantzak bildu dituzte: José Luis Rodríguez Zapatero, Andoni Ortuzar, Arnaldo Otegi, Esperanza Aguirre, Iñaki Gabilondo, Iñigo Herce, Jaime Otamendi, Martxelo Otamendi, Juan María Gastaca, Julio Ibarra, Baltasar Garzón, Vicente Martínez-Pujalte, Lorenzo Milá, Javier Ruperez, Carles Francino, Fran Llorente, Jesús Ceberio eta Maixabel Lasa, besteak beste.