‘Osorik da!’, Durangoko 54. azokaren goiburua

Aurkezpena aurreko asteartean ospatu zen, hainbat erakunde eta azokaren arduradunak parte hartuz.

UNAI GANDARIAS-AGENTZIAK /2019-11-04/ Durangoko Azokaren 54. edizioko kartela eta ildo nagusiak aurreko astean aurkeztu zituzten, Durangoko Andra Mari elizpean antolatutako prentsa agerraldian. Kulturaren plaza abenduaren 5etik 8ra ospatuko da, eta ‘Osorik DA!’ izango da lelo nagusia. Aurtengo edizioko kartela Oier Zuñiga artista iruindarrak egin du, eta bertan Azoka osatzen duten osagai ezberdinak agertzen dira, “Azokako ekosistema” islatuz.

Gerediaga elkarteko eta Azokako guneetako ordezkariekin eta kartelaren ergilearekin batera, babesle publikoetako ordezkariek parte hartu dute aurkezpenean: Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea, Xabier Arauzo Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendaria eta Ima Garrastatxu Durangoko alkatea. BBK, Euskaltel eta Eroskiko kideak Durangoko Azokak 54. edizioko leloa ‘Osorik DA!’ izango da eta kartelak “Azokako ekosistema” islatuko du ere egon dira, Azokako babesle pribatuetako ordezkari gisa.

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak aurkeztu du edizio honetako lelo nagusia. “Durangoko Azoka ekosistema berezi bat da. Gune, babesle eta eragile ezberdinen artean antolatzen da. Sortzaile, hartzaile, argitaletxe, autoekoizle, diskoetxe eta bisitariok partekatzen dugu. Gazte, heldu, ume, ikasle, langile, erretiratu, kuadrilla, denona da. Literatura, musika, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, kultura digitala, hori dena osotasun bat da. Durangoko Azoka osorik DA!”, esan du.

Aurtengo edizioko kartela ere ideia horrekin lotuta egongo da. Oier Zuñiga (Iruñea, 1986) da irudiaren egilea, eta, azaldu duenez, Azoka unibertso propio eta berezi bat da. Bere hitzetan, “Durangoko Azokan hamaika dira batzen diren emozio, esperientzia eta bizipenak. Norbera, bere izatetik murgiltzen da euskal sorkuntzaren plaza honetan. Gutako bakoitza, ideia edo inpultso ezberdinek mugituak lotzen gara azokaren unibertsora. Molekula txikienetik, masa handienera denon lotuneetan dago gakoa”.

Kartelak lau zati bereizten ditu, eta bakoitzak Azokako ezaugarri bati erreferentzia egiten dio: burua (sormena), bularra (zabaldu-erakutsi), gerria (hartu eta eman) eta hankak (akzioa eta mugimendua). Halere, ekosistema horretan, dena dago lotuta, konektatuta: “Azoka osorik da, ekosistemaren trantsizio guztiek osatzen dutena da. Gu geu osatzen gaituena. Guk geuk osatzen duguna. Sortu, zabaldu, eman eta gozatu!”.

Zuñiga pozik agertu da Durangoko Azokako kartela egiteko aukera izan duelako: “Euskal Herriko kultur sorkuntzak duen erakuslehiorik handiena da Durangoko Azoka eta honek ardura pixka bat sortu zidan. Hala ere, segituan jarri nintzen lanean, nire errealitatetik, nire testuingurutik, ardura horri behar duen lekua eginda baina bidearen oztopo jarri gabe. Horrela ulertzen baitut nik sorkuntza, leku berrien bila etengabean, zarenetik, ordu arte ibilitakoa kontuan hartuz eta nire behatze dorre txikitik ekarpena eginez”.

Artista iruindarrak oso lotura estua du kulturaren plazarekin. Azaldu duenez, “txikitan hasi zen nire harremana Azokarekin, gure belaunaldiko askok bezala. Ikastolarekin lehen bidaiak, gerora lagun arteko plan bilakatu ziren. Batzuetan argi izanda zer eskuratu nahi genuen; besteetan aldiz, parranda egiteko, hau edo bestea ikusteko edo elkartzeko asmo xumearekin. Gustatzen zait azokan sortzen den ‘mikro-klima’. Denok ezberdin eta ezezagun, baina konplize aldi berean. Aurtengoa berezia bai, baina beste urte batzuetako planetatik oso urrun ez naiz ibiliko”.

Iazko ildoari jarraitu dio aurten Gerediaga elkarteak kartelaren aukeraketari dagokionez. 2018 arte, ibilbide luzeko artistek egiten zuten Azokako kartela, baina joan den urtean sortzaile berriek hartu zuten lekukoa (iaz Txakur Gorria sormen kolektiboa izan zen). Aurten, beraz, bigarrenez sortzaile berri batek egin du Azokako afixa.

Durangoko Azokak 54. edizioko leloa ‘Osorik DA!’ izango da eta kartelak “Azokako ekosistema” islatuko du

SORMEN BEKA ETA IKASLE GOIZA

Aurkezpena Durangoko Andra Mari elizpean antolatu da; bertan ospatu ziren Durangoko Azokako lehenengo edizioak. Mujikak gogoratu duenez, “kulturaren plaza 54 urtez antolatu bada, etengabe garai berrietara egokitzen jakin izan duelako da”. “Hasiera batean Liburu eta Disko Azoka zena, gaur egun ez da hori bakarrik: sormena da, zabaldu eta erakusteko lekua da, salerosketarako gunea da, euskal kulturaz gozatzeko plaza da”.

Garai berrietara egokitzeko saiakera horren adibide da, esate baterako, Azokako Sormen Beka. Iaz antolatu zen lehenengo aldiz, Durangoko Udalaren laguntzaz, eta aurten bigarren edizioa izango da. Euskarazko kultur produktu baten sorkuntza hasieratik amaierara garatzen laguntzeko helburua du, hasi ideiatik eta bere zabalkundera arte. Edizio honetako gaia musika da.

Uztailean zabaldu zen lanak aurkezteko deialdia eta Azokako bigarren egunean iragarriko da beka zein proiektuk jasoko duen. Horrez gain, lehen edizioko irabazleen produktua ezagutu, ikusi, erosi eta gozatzeko aukera izango da aurtengo Azokan: ‘AtopiaRPG’ izenarekin sortutako euskarazko lehenengo rol jokoa.

Azkenik, urtero bezala, Azokako lehenengo orduetan protagonista nagusiak ikasleak izango dira, beste urte batez, milaka izango baitira Euskal Herri osotik Ikasle Goizean parte hartzera joango diren ikasleak. Hainbat lantegi izango dituzte eskura, besteak beste, kaligra`a, euskal kulturaren transmisioa, soinu efektuak zinemagintzan edota Moon konputagailu baten funtzionamendua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude